Barañain Abesbatza

 

Pello Ruiz Huicik zuzenduriko Barañain Abesbatza artista-belaunaldi berri batekoa da. Jatorria ahantzi gabe, kontzertu bakoitzaren bidez une magikoa eta zirraragarria sortu nahi du; entzulearen bihotzean, buruan eta larruazalean txertatuta geratuko den unea.

Barañain Abesbatza 1982an sortu zuen herritar musikazale talde batek, eta urte hauetan guztietan musikaldi eta ziklo ospetsuetan hartu du parte. Izan ere, musika korala gure mugez harago eraman du; Frantziara, Alemaniara eta Italiara, besteak beste. Vatikanoko San Petrin ere abestu zuen bakearen alde, Irailaren 11ren laugarren urteurrenean.  

Barañain Abesbatza musika-esperientzia berrietara irekita dago eta ekitaldi klasiko-erlijiosoez gain —Hondarribiko Eliz Musika Zikloa, adibidez— ideia berritzaileak ere jorratzen ditu. Horren adibide da 2005ean Iruñeko Planetariumean musika korala eta astronomia lotu izana, edota Jazz Koralaren Lantegiaren lau edizioen antolakuntza.

Azken urteotan hainbat partaidetza izan ditu Errenteriako Musikasten, eta abesbatzen munduan toki propioa egiteaz gain, zenbait sari ere eskuratu ditu, hala nola Felguerako La Mina y el Mar lehiaketan, Aviles hiriko lehiaketan eta Burgosko Antonio José Abesbatzen Lehiaketan.

Lorpenik garrantzitsuenetako bat honako hau da: Zumarragako Antigua Abesbatzak Lehiaketaren 2011ko Lehen Saria eta Tomas Garbizuren obra baten interpretaziorik onenaren Saria («Eco de una Habanera» abestiagatik). Horri esker, 2012an Abesbatzen Sari Nagusian hartu zuen parte.

2016an Ejea de los Caballeroseko Abesbatza Lehiaketan hartu zuen parte eta abesbatza-zuzendari onenaren saria eskuratu (sari hori ematen zen lehen urtea).

Abesbatza partitura berrien beha ibiltzen da beti, errepertorio ezezagunen bila, musikagileei sorkuntza berriak eskatzen baina aldi berean entzuleekin eskuz esku, eguneroko bihotz-taupadatik aldendu gabe. Honako asmo hau du: kultura ereitea, zirrarak oparitzea eta hausnarketak eragitea; horretarako, adin guztientzat abesten du, orotariko espazio eta uneetan, abesbatza osatzen duten kideen erabateko inplikazioarekin.

Barañain Abesbatza gara, kontakizunak abestu eta abestiak kontatzen ditugulako.

Gure ametsa: inor epel ez uztea.

Guk erabiltzen ditugun cookiak geureak nahiz besteenak izan daitezke, Internet-en egindako ibilaldia atseginagoa izan dadin.
Internet-en, gurekin jarraitzen baduzu, gure cookie-kudeaketari ongi deritzozula pentsatu behar dugu.